Kafearen historia

KAFE HITZAREN JATORRIA

Hainbat teoria dago KAFE hitzaren jatorria azaltzeko.

– Teoria baten arabera, KAFF probintzia etiopiarretik dator; inguru horretan du jatorria kafearen zuhaixkak.

– Beste teoria baten arabera, KAWAH hitz arabiarretik dator; indarra esan nahi du kawah hitzak.

KAFEONDOAREN HEDAPENA MUNDU OSOAN:

Kaleko jendeari KAFEAK zein herrialdetan duen jatorria galdetuz gero, gehienek Hego Amerikako edozein herrialde aipatuko dute, adibidez Kolonbia, Brasil, eta abar. Baina, zinez, Afrikan du jatorria kafearen landareak, eta zehazkiago, ETIOPIAN (antzinako ABISINIA). Kafearen zuhaixkak (kafeondoa) mundu osoan ezagutu zuen hedapena, eleberri baten argumentu gisa erabiltzeko egokia izango litzateke, zalantzarik gabe.

Lehen esan dugun moduan, kafeak ETIOPIAN du jatorria eta esklaboen trafikatzaileek eta erromes musulmanek eraman zuten KENIARA eta YEMENERA (antzinako ARABIA). Arabiarrek kafearen merkatuan zuten hegemonia defendatu nahi zuten, beraz, beste eskualde batzuetan kafeondorik landatzea eragozteko, debekatuta zegoen beroak ondo lehortuta ez zeuden aleak saltzea, eta modu horretara, aleek ezin ernamuintzea lortzen zen.

Nabigatzaile holandarrak Esperantza Oneko Lurmuturretik Indonesiara (antzinako kolonia holandarrak) joaten zirenean, zuzenean ekialderantz joan beharrean Afrikako ekialdeko kostaldetik eta MOKA portutik (YEMEN) igarotzen ziren. Egin beharreko ibilbidean zegoen eskala bat zen.

Hain zuzen ere portu horretatik irten ziren (ezkutuan) lehen aldaxkak itsasontzi holandarretan, 1690. urtean, Ekialdeko Indietara: ZEILANERA lehenengo eta JAVARA ondoren.

Badirudi Indiara Baba Budant izeneko erromes musulman batek eraman zuela. Mysore eskualdekoa zen aipatutako erromesa eta Mekarako itzuleran, kafea dastatu eta gero, hazi batzuk hartu, arropa tartean ezkutatu eta bere herrialdera eraman zituen.

1706an Amsterdamera, bertan zegoen lorategi botanikora, iritsi ziren kafeondoaren aldaxka batzuk.

1714an, UTRECHeko Ituna sinatu eta gero, Amsterdameko burgumaisuak kafeondoaren aldaxka eskaini zion Frantziako Luis XIV.a Erregeri eta erregeak Antoine de Jussieu botanistari eman zion. Azken horrek Pariseko Loreen Lorategian landatu zuen.

Garai hartan, Martinikako gobernadoreak, Gabriel Mathieu de Clieu Itsas Infanteriako Kapitainak, kafeak Frantziako gizartean zuen sona egiaztatzeko aukera eduki zuen. Kapitainak bazekien Ekialdeko Indiak eta Mendebaldeko Indiak antzeko flora, klima, erliebea eta izaera bolkanikoa zituzten lurraldeak zirela, eta, beraz, Antilletan zuhaixka bilatzen saiatu zen, baina ez zuen aurkitu. Kapitainaren ustez, Martinikak baldintza egokiak eskaintzen zituen kafea landatzeko eta Parisi eskatu zion Loreen Lorategiko kafeondoaren aldaxketako bat emateko. Eskaerak ezezkoa jaso zuen. Martinikarentzat kafea ekoitzi ahal izatea ekonomikoki oso garrantzitsua izan zitekeela sinistuta, aldaxka bat lapurtzea erabaki zuen. 1723an Martinikako gobernadoreak Martinikara zihoan itsasontzia hartu zuen Nanteseko portuan, kafeondoa berarekin zeramala.

Holandarrak, kafeondoa Martinikarantz zihoala jakin bezain laster, kapitaina hiltzen saiatu ziren, izan ere, kafeondoa Martinikara iritsiz gero, holandarrek kafearen merkatuan zuten nagusitasuna arriskuan egongo zen. Gauzak horrela, mota orotako trikimailuak baliatu zituzten: ur gaziarekin bustitzen ere saiatu ziren. Baina ez zuten beren helburua bete, izan ere, kapitainak negutegi txiki batean babestuta zeraman zuhaixka.

Martinikarako bidean, Atlantikoan, pirata tuneztarrek eraso zuten; borroka hartan negutegia puskatzea lortu zuten.

Hilabete luze baketsu bat igaro ondoren, ez zitzaien ia urik geratzen; hala ere, Crie kapitainak ura landarea ureztatzeko ere erabiltzen zuen. Martinikara iristeko egun eta erdi eskas falta zitzaiela, ekaitz izugarri batek urez bete zuen itsasontzia eta kafeondoa ur gaziarekin busti zen, baina, zorionez, ez zen hondatu.

Azkenean, Martinikako lur emankorretan landatu zen kafeondoa eta lehen loraldiaren ondoren, lehen aleak landatu ziren. Horretarako, uharteko biztanle guztien artean banatu ziren aleak, uharte osoan landa zitzaten.

Martinikatik Haitira iritsi zen kafea eta Errepublika Dominikarrera ondoren, esklaboak matxinatu ziren garaian.

Bestalde, frantsesek Martinikatik Puerto Ricora eraman zuten kafea 1755. urtean.

Jesuitek eraman zuten kafea Guatemalara: Antigua hiriburu ingurura lehenengo eta herrialdearen hegoaldera ondoren.

XVIII. mende amaieran Dm Antonio Jalabert jaunak Kubara eraman zuen kafea eta 1779an, berriz, Costa Ricara eraman zuten jesuitek.

Costa Ricatik Venezuelara iritsi zen kafea, eta XVIII. mendearen amaieran Kolonbiara.

Oso zaila izan zen Kolonbian kafeondoaren garapena lortzea, izan ere, nahiz eta Espainiako Gobernuak kafeondoak landatzeko betebeharra arautzen zuen lege bat ezarri zuen, kolonbiarrek ez zuten horrelakorik nahi, kafeondoa landatzen zenetik lehen uzta jasotzen zenera arte 3/4 urte igarotzen baitziren gutxienez, beraz, ezinezkoa zitzaien bizirautea, eta patata, artoa eta abar landatzen zituzten. Urte batean garatzen ziren landareak ziren guztiak. Egun batean, jesuita batek ideia bat eduki zuen kafeondoak landatzea lortzeko: bere eliztarrei, egiten zituzten bekatuen arabera, beren lurretan kafeondoak landatzeko penitentziak agintzen hasi zen. Horrela ekin zitzaion gaur egun Kolonbiako diru-sarrera iturri handietako bat den kafeondoaren garapenari. Horregatik esaten da, hain zuzen ere, Kolonbiako ekonomia garrantzitsuena (kafea) kolonbiarren bekatuei zor zaiela, eta landatutako kafeondo kopuru itzela ikusita, bekatu asko egin zituztela pentsa daiteke.

Garai hartan Brasilek kafearen merkatuan sartu nahi zuen, baina horretarako, kafeondoaren haziak behar zituen. Xede horrekin, Brasilgo enperadoreak Guyana Frantsesetik eta Nederlandarretik mugen inguruan zuten gatazka batean bitartekari izateko eskatu ziotela baliatu zuen Paleta koronela —oso trebea zen militarra— hazi bila bidaltzeko. Koronelak, bere xarma erabilita, Guyana Frantsesaren gobernadorearen emaztea liluratu zuen. Behin bere zeregina amaituta zuela, agur esatean, gobernadorearen emazteak lore-sorta bat eman zion: tartean kafeondoaren adar eta ale batzuk ezkutatu zituen. Ale horiei esker, munduko lehen kafe-ekoizlea izatera iristeko bideari ekin zion Brasilek.

1818an Samuel Rufles misiolariak Brasiletik Hawaiira eraman zuen kafea.